AZAROAK 12
Igandea, 12:30etan

ARAUAK:
Parte hartzaileak:
Ataungo edozein herritarrek parte har dezake.

Izen ematea:
Azaroaren 07rako eman behar da.
649011292 (J.R. Munduate) edo 686892507 (D. Etxeberria)
Parte hartzaileei, 40 € emango zaie ardi osagaiak lortzeko.

Aurkezpena:
– Mondejuak, egosita beren saldarekin ekarri behar dira, azaroaren 12an goizeko 11:00tarako Plaza Berriko karpara.
– Korda bat 5 mondejukin ekarri beharko dira.

Lehiaketa:
Epaimahaia 12:30etan hasiko da puntuatzen.

Puntuazio irizpideak:
Usaina, zaporea, ebaketa eta nahasketako osagaien txikitze-tamaina hartuko dira kontuan.

Sariak:
1. – 150 € eta oroigarria
2. – 120 €
3. – 100 €

MONDEJU PINTXOAK DASTATZEKO AUKERA IZANGO DA!

22 octubre
JENTILEN ETORRERA 2023 AMAITU DA.

Inoiz baino egiazko eta inoiz baino mitoago: ATAUN eta JENTILAK bat eginda. Urte bat gehiagoz, jentilen mundu miresgarri eta misteriotsuan murgildu ginen atzo Ataunen.

  • JENTILEN ETORRERA oso arrakastatsua bizi izan genuen. 1500 lagun inguru, aho zabalik, batzuetan barretxoa ezpainetan zutela baina gehienetan beldurrez airean, hala ere gozatu ederra hartuz. Ikuskizun aberats eta oso zainduan, oraindik gurekin eta gure barruan, bizirik irauten duen mundua agertu zuten antzezleek, misterioz betetako mundu miresgarria.

Izaki eta gizaki harrigarriz osatutako kale-antzerki ikuskizuna izan zen. Oraingoan ere, bi zibilizazio, jentilak eta kristauak, aurrez-aurre baina aurten, GAUEKO IZAKIAK izan dira protagonista. Izaki beldurgarriek, gogor eraso zieten kristauei eta berdin Jentilei ere, errua elkarri leporatuz. Azkenean, eskerrak MARI Jainkosak lortu zuen GAUEKO IZAKI beldurgarriak menperatzea.

Beste behin, eszenaratze aberats eta eder baten laguntzaz, antzezle bikainak ikusi ditugu tranpaldo gainean, etorkizuna ziurtaturik dela erakutsiz. Ekarpen handia egin diote emanaldiari, EATE Abesbatzak eta OTSOA Dantza Taldeak.
Beste behin lan bikaina egin dute JENTILBARATZA Elkartearen eskutik, ikuskizunean parte hartu duten 150 partaideek.