Hauek dira 2021eko Jentilbaratza Ipuin Lehiaketako hiru ipuin irabazleak. Sari banaketa Barandiaran museoan egin zen 2022ko Otsailaren 11n. Zorionak partehartzaile guztiei.

 

LH3 – LH4
Irabazlea: Lier Imaz Arrondo

ETSAI GORRIA

 

Kaixo, Patxi naiz eta 11 urte ditut. Ataunen bizi naiz eta nire anaia bikia Ibai da.
1785eko ekainaren 26ean gaude. Gaua da eta bat-batean oihu bat entzun dugu Ibaiek eta nik. Ama zen, eta esan digu:
-Museora eraman behar nuen eraztuna ohostu didate!
Orduan Ibai eta ni kanpora atera gara.
-Hala!-esan dugu biok batera- Misterio baten hasieran gaude!
Ordu batzuetara, baso sakonera joan gara eta konturatu gara zuhaitz gehienek zaldi urdin bat dutela. Zaldi horiei segika haitzulo batera iritsi gara eta etsai gorri bat ikusi dugu, behatzean eraztuna duena.
Azkazal zorrotzak ditu eta bi adar buruan. Letagin zorrotzak ditu eta gorri-gorria da.
Ibaik galdetu dit:
– Ez al da amaren eraztuna?
– Arrazoi du! Amaren eraztuna da, baina ezin dugu hartu. Bederatziak dira, afaltzeko ordua!
Baso sakonetik Ataunera jaitsi gara eta segituan afaltzera joan gara. Ibairi esan diot ea hurrengo egunean tranpa bat egiten dugun eta buruaz baietz egin du.
Ekainaren 28a da, azkar-azkar gosaldu dugu eta esan diot Ibairi:
-Begira, toki batean sare bat jarriko dugu tapatuta eta sarearen gainean, bitxi bat. Sare horri,2 soka lotuko dizkiogu alde batetik zuk tira egiteko eta bestetik nik.
Hori egin dugu eta munstro gorria etorri denean, harrapatu egin dugu.
Ama ere etorri da eta aho bete hortz utzi dugu. Atzera begiratu dugu eta bitxia eta eraztuna bakarrik daude.
Amak eraman du bere eraztuna museora, baina, kontuz! Etsai gorria baso sakonean dabil. Kontuz hara sartzen bazarete!

 


LH5 – LH6
Irabazlea: Urtzi Urrestarazu Larrea

ALA PAPILA…!

 

Orain kontatuko dizuedan istorioa Ataun izeneko herrian gertatutakoa da.
Ataun, oso herri txikia da, baina baita Gipuzkoako herririk luzeena ere, Nafarroa, Lazkao, Olaberria, Idiazabal eta Zaldibiarekin egiten du muga. Bere auzoak San Martin, San Gregorio eta Aia dira eta denak mendiz inguratuta daude eta Agauntza errekak herri guztia zeharkatzen du. Ataun herria nahiko lasaia da, baina, badago zerbait lasaitasun hori puskatzen duena. Haserrealdiak egoten dira herriko apaiza, alkatea eta jentilen artean. Jentilak Kanteran bizi dira, baina ez beraiek bakarrik : sorginak, lamiak, Akerbeltz… ere beraiekin bizi dira. Apaizak eta alkateak ez dute nahi jentilak eta beraien lagunak herrira jaistea. Izan ere inguruko herrietako jendea beldurtu egiten baita hauek ikustean eta orduan ez dira Atauna etortzen. Kixmik jentilen nagusiak berriz, esaten du beraiek Ataungoak direla eta beraien herrian lasai ibili daitezkela.
Egun batean Otsoko, Torto eta Akerbeltz Troskaeta paretik pasatzen ari diren bitartean zera entzuten diote kuadrila bati:
-Txinan, birus berri bat atera da. Covid 19a edo horrelako zerbait. Eta hirurak Kantera joan direnean gainerakoei esan diete.
-Herrian entzun dugu Txinan birus berri bat atera dela, Covid 19a, eta mundu osoan zabaltzen ari dela!
-Ba! Atauna ez da horrelako bitxorik etorriko!- erantzun du Mari Mundukok lasai asko.
Baina asteak pasa dira eta Covid hemeretzia Espainiara iritsi da, gero Euskal Herrira, ondoren Gipuzkoara eta azkenik Atauna. Martin Txiki berak ere harrapatu du birusa eta sukarra ere badu.
Alkateak inguruko egoera ikusi du eta zerbait erabaki du.
-Nik, alkateak zerbait esan nahi dizuet: “Birus hau oso arriskutsua da eta txertoa atera arte, etxean sartuta egon behar zarete, atera gabe”.
Bi hilabete pasa dira eta oraindik ez dute txertorik atera. Jendea etxeetan triste eta aspertuta dago. Denak txertoaren zai daude.
Felix Zubiak alkateari deitu dio. Felix Zubia medikua da eta bertsotan ere aritzen da.
-Kaixo, alkate jauna! Albiste txarrak ditut. Txertoa ezinezkoa da ateratzea eta Covid 19arekin bizi beharko gara!
Mari Mundukori gauez ibiltzea gustatzen zaio. Herritarrak etxean daudenean bera kanpoan ibiltzen da batera eta bestera. Zelatan eta herritarren etxeetako kontuak entzuten. Horrela gaur gauean alkatearen etxean zera entzun du:
-Hau zorigaitza Juanita!
-Zergatik?
-Felix Zubiak esan dit ezin dutela txertorik atera!!! Nola esango diet hori herritarrei?
Sorginak hori entzun duenan, poz-pozik joan da Kanterara eta kobazuloko sorgin gazteak, jentilak eta lamiak lanean jarri ditu. Bakoitzari lan bat jarri dio:
-Torto, Akerbeltz eta Otsoko segi Lizarraustira eta ekarri zazpi lizarren hostoak.
-Lamiak Erremedioko iturritik ekarri 19 litro ur!
-Kixmi! Nola ehiztari ona zaren ekarri basurdearen larrua eta otsoaren isatsa!
Hurrengo goizean guztiek agindutako gauza guztiak ekarri dituzte. Mari Munduko sorginak, osagai guztiak eltze batera bota ditu eta 30 minutuz nahastu ditu makila batekin. Bitartean suaren inguruan sorgin gazteek dantza egiten dute, hitz magikoak esanez: “Ala papila sortu dadila Covid 19aren sendagaia!”
Horrela sortu dute saltsa berde-berde bat.
Alkateak, Mari Munduko eta gainerako sorginak Kanteran zertan ari diren jakin gabe, herritarrak plazan elkartu eta esan die:
– Gaur esan behar dizuedan kontua ez da batere albiste ona. Felix Zubiak esan didanez…-ezin izan du segi, Otsokok moztu dio eta.
– Begira pote honetan dudan edabe berde hau! -esan du Otxokok gustura. Mari Mundukok eta bere laguntzaileek egin dute. Horrelako zentilitro bat edan ezkero, ezingo duzu Covid 19a harrapatu!
Horrela ataundar guztiek eta ondoren mundu guztiak hartu du edabea eta horrelaxe bukatu da Covid 19a munduan. Harrez gero beste inor ez da gaixotu. Orain apaiz eta alkateari ez zaie inporta jentilak eta bere lagunak herrira jaisten badira. Hauek ezagunak egin dira mundu osoan eta denek miresten dituzte beraiek bukatu dutelako Covid 19arekin. Orain denak lagunak, denak pozik eta Covid 19aren babesean.
SAR DADILA KALABAZAN ETA ATERA DADILA ATAUNGO PLAZAN!!!

 


DBH1-2
Irabazlea: Aiert Zubeldia Azkargorta

ESTALAKTITA MISIOA

 

– Harri eta zur gelditu nintzen! Egun oso bat pasa zuen pantailadun tramankulu baten aurrean! Neure bi begiekin ikusi nuen!- esan zuen Tartalok.
– Zer diozu, Tartalo! Bi begiekin ikusi zenuela? Begi bakarra duzu eta!- esan zuten lamiek barrezka eta aldi berean beraien ahate oinak dantzan mugituz.
– Beno, berdin da!- erantzun zuen Tartalok lotsagabe. – Ongi baino hobe ulertu didazue!- urdaiazpiko ogitartekoa jaten zuen bitartean.
Izan ere, euskal mitologiako pertsonaiak, Mari, Sugaar, Tartalo, lamiak, Etsai eta Samartintxiki, besteak beste, urgentziazko komite batean bilduta zeuden Ataungo erreka ondoan. Oso arazo larria zuten konpontzeko.
– Guk ere Alarma Egoera deklaratu beharko dugu; irtenbide azkarrak behar ditugu – esan zuen Marik, buruargi.
– Haur denak sutan erre eta kito! – jenio bizian, Tartalok.
– Ni guztiz ados nago zurekin- gaineratu zuen Etsaiek- Baina aurretik sufri dezatela! Haserretu daitezela euren artean!… Eta izango dugu FESTA!!!
– Nola egingo dugu hori?! Tontotuta zaudete?!
– Eta Durangoko azokara joango bagina? – proposatu zuen Samartintxikik.
– Zertara joan behar gara azoka batera?! Esan dizuet! Jendea erre eta bakean bizi! – berriz ere, Tartalok.
– Erretze kontuak utzi niri! – gehitu zuen Sugaarrek poz-pozik. Gar eta txinparta batzuk irten zitzaizkion kolkotik. Alboan eserita zen
Samartintxiki; badaezpadan zutitu eta urrundu egin behar izan zuen Sugaarren ondotik.
– Barkatu izorratzailea izatea, baina ez dugu inor erre behar; umeei gu hemen gaudela, eta tramankulu arraro horiek baino gehiago balio dugula esatera goaz- erantzun zion Samartintxikik.
– Irakurri gaitzatela! – oihukatu zuen Marik gogo biziz.- Sinistu gaitzatela!
– Hori da! – esan zuen Sugarrek- Baina nola joan behar gara Durangoko azokara?
– Nire erratzean ez gara denak kabitzen- erantzun zuen Marik.
– Eta autobusean joaten bagara?- proposatu zuten lamiek.
– Ideia ona! Adibidez, astelehenean joango gara?
Erabaki bezala, iritsi zen astelehena, eta Ataungo plazan denak elkartu. Autobus berde hippie baten barruan abiatu ziren Durango aldera. Oso misio garrantzitsu bat zuten betetzeko: Estalaktita misioa (Samartintxikik asmatua). Etsai gidalanean, gainontzekoak atzean, izan zituzten hainbat gorabehera Durangora bidean. Autobusetik atera bezain laster, Durangoko azoka aldera hurbildu ziren. Eta bidean:
– Kalean ez dago inor – esan zuen Tartalok oraingoan sandwich bat eskuartean zuela.
– Begira! Han dago emakume bat!- esan zuen Samartintxikik harriduraz.
– AAAAAAAAA!!!- oihukatu zuen emakumeak beldurrez, kuadrila mitologiko honekin gurutzatu zenean.
– Zer gertatu zaio?!- galdetu zuen Marik.
– Egia esan, ez dakit – erantzun zion Tartalok, txorizozko sandwichari koskada bat emanez lasai asko.
– Goazen azokara giroa berotzera!- jarraian Sugaarrek.
Azokara hurbildu eta atean zirela, jende mordoa ikusi zuten. Samartintxiki ia galdu egin zen jendartean. Lamien ahate oinak behin eta berriz zapalduak izan ziren; pertsona baten zapatak, bestearen zapatillak… ZANPA! Lamien oin gainean amaitzen zuten denak. Etsairi benetako infernua iruditu zitzaion hainbeste jende elkarrekin ikustea, bata bestearen gainean.
Hasieran, jendea ez zen ohartu beraien presentziaz, liburu artean buru-belarri eta kuxkuxean baitziren. Bainan Tartalok, bera baino txikiagoa zen atetik sartu nahian, ez zuen ongi kalkulatu eta DANBA! Jo zen paretaren kontra. Momentu zehatz horretan azokako pertsona guztiek burua biratu zuten. Tartalo, Mari, Sugaar, Samartintxiki, lamiak, Etsai eta beste hainbat pertsonaia mitologiko parez-pare bertan zirela ikustean, sekulako burrunba sortu eta kaosa hasi zen.
Sugaar sutan, Mari erratz gainean, Tartalo kopetako minez, lamiak urduritasunarekin abesten hasi ziren. Etsai, deabruaren izenean, barre
algaraka zegoen, eta zurrunbilo horren erdian, jendea EXIT atetik atera ezinean ibili zen.
Marik, komitea egin zuten egunean “Irakurri gaitzatela! Sinistu gaitzatela!” eskatzen zuen. Eszena hau ikusita, denek garbi zutena zera zen: agian ez ziren irakurriak izango, baina sinetsiak bai behintzat.
– Ematen duenez Estalagmita misioak porrot egin du.- esan zuen Tartalok, oraingoan, hirugihar talo beroa jateko prest zela.
– Tartalo!!!! Estalagmita ez!!! Estalaktita!!

 

Hasiera itzuli