
Jentilen Etorrera Ataunen: Euskal Mitologia eta Mitoak Bizirik
“Joxemiel Barandiaranek jaso zuen mundu magikoa, ataundarrek antzeztua”
Jentilen Etorrera Ataunen (Gipuzkoa) bi urtez behin ospatzen den ikuskizun eta jai berezia da. Azaroaren lehen asteburuan, herriak atzera begiratzen du, Euskal Mitologiaren sustraietara itzultzeko. 1981ean sortu zen ekimen hau herriaren sinesmen, kontu zahar eta elezaharretan oinarritzen da, gure arbasoen mundu magikoa bizirik mantentzeko asmoz.
Ataunen mitologia ez da liburuetako kontua soilik; jendeak oso barruan daraman zerbait da. Inguruaren interpretazio magikoa, sinesmenak eta mitoak belaunaldiz belaunaldi transmititu dira, eta gaur egun, entretenimenduaz harago, gure identitatearen zutabe dira.
Joxemiel Barandiaran: Mitologiaren Zaindaria
Txikitatik entzun eta amestutako istorioak galtzeko arriskuan zeudenean, Joxemiel Barandiaran etnologo eta apaiz ataundarrak lan eskerga egin zuen. Berak bildu zituen ahozko tradizioko altxorrak: ipuin harrigarriak, leku mitologikoak eta pertsonaia ahaztezinak.
Jentilen Etorrerak Barandiaranek jasotako ondare hori berreskuratzen du. Helburua argia da: gure arbasoen mundua ezagutaraztea eta ondorengoei transmititzea. Helduentzat iraganera itzultzeko bidea da; haurrentzat, aldiz, lilurazko mundu berri baten aurkikuntza.
Euskal Mitologiako Pertsonaiak Ataunen
Mendez mende ahoz aho iritsi diren pertsonaia mitologikoak hezurmamitzen dira jaialdian. Hauek dira Ataungo kaleetan ikus daitezkeen protagonistak:
- Jentilak: Mendi-goi, harpe eta kobazuloetan bizi diren indar handiko izakiak.
- Sorginak: Misterioz eta jakinduriaz beteriko emakumeak.
- Basajauna: Basoen zaindaria.
- Torto: Begi bakarreko izaki gaiztoa da Torto edo Tartalo
- Mari: Euskal mitologiako jainkosa eta izadi osoaren burua da
- Samartin Txiki, Zezengorriak, Maruak, Galtzagorriak eta Lamiak.
HISTORIA
Bi Munduren Arteko Talka
Ikuskizunaren ardatza historiaren pasarte erabakigarri bat da: Jentilen eta Kristauen arteko harremana. Bi mundu, bi sinesmen eta bi garai aurrez aurre:
1. Mendia (Lehena): Jentilak beraien sinesmen zaharrekin, naturarekin bat eginda.
2. Harana (Oraina): Kristauak, fede berriarekin, beheko errekondo eta zelaietan.
Erdian, aldaketa dakarren Kixmi ageri da. Elkarren beharra, ezin konponduak eta bizikidetza zaila (batzuetan haserre, besteetan adiskide) dira antzezpenaren oinarria.

EKITALDIA
Ekitaldiaren Egitura: Ongi Etorria eta Ikuskizuna
Jentilen Etorrera bi zati nagusitan banatzen da:
-
1. Ongi Etorria eta Kale Ibilaldia
Eguzkia ezkutatzean hasten da magia. Jentilak eta Sorginak, larruzko jantziekin eta zuzien argipean, menditik herrira jaisten dira. Udaletxe aurrean dute zain “mundu berria”: Alkatea, Erretorea, Medikua, Eskribaua eta herritarrak.
Une zirraragarria da: bi munduen arteko lehen hartu-emana eta ONGI ETORRIA. Ondoren, desfile ikusgarria hasten da herriko kaleetan zehar. Bertan, garai bateko ofizioak eta bizimoduak irudikatzen dira (baserritarrak, errementariak, artzainak, talogileak…), gurdi eta idiekin batera.
-
2. Ikuskizun Nagusia
Jendea kiroldegian bilduta, mitologian oinarritutako antzezlanak (60-70 minutu) hartzen du protagonismoa.
- Gidoia: Urtero desberdina da, Ataungo eta Euskal Herriko elezaharretan oinarritua.
- Parte-hartzaileak: 200-250 herritar inguru aritzen dira (aktoreak, antolatzaileak, dantzariak, abesbatza).
- Girotzea: Bertsoak, koplak, dantzak eta suak ez dira falta.
- Pregoilaria: Bere bandoek umorea eta barreak (algara) ziurtatzen dituzte urtero.

EUSKARA
Euskara eta Ondarea: Hitzak eta Esaerak
Ikuskizuna erabat euskaraz da. Berezitasun nagusia hizkuntzaren erabileran datza:
- Ataungo Euskara: Pasarte gehienetan herriko hizkera erabiltzen da, galtzear dauden hitz eta esaera zaharrak
- Euskara Batua: Narratzaileak eta sarrerak egiteko erabiltzen da, ulergarritasuna bermatzeko.
ZAINDU DITZAGUN GEUREAK DIRENAK
“Gugan irauten duen bitartean, inoiz hilko ez den mundu harrigarria da hau”.
“JENTILAK eta KRISTAUAK”
| JENTILAK: Aio, aio, (Aio, Aio)aio Jentil, Basajaun, Mari.Aio, aio, Dama, Sugar,Iraunsuge, Ilargi.Agur Akelarre, agur Sorgin,Ostri, Lur, Su eta UrAgur Lami, agur Gaueko,agur Aide, agur Adur. |
KRISTAUAK: Kaixo, kaixo, (Kaixo, Kaixo) Kaixo Jentil ta Basajaunak. Utzi narru, esne-errekak, eta harpe ilunak. Ekarri indarra ta gariadakizuten dena,bat eginik senda’zagunsorgin zaharren, zauri zahar hau … |
DENAK:
Batera, batera, denak batera,
KIXMI eta AKERRA,
ZUZENA ta OKERRA,
BATERA, BATERA,
DENOK BAT GERA.