Bazen behin, Ataun herrian bizi zen hamabi urteko Garazi izeneko neska bat. Garaziri unibertso osoan gehien gustatzen zitzaiona bere amonak kontatutako istorioak entzutea zen. Egun batean herensuge baten aurka borrokatu zuen saguaren abenturak kontatzen zizkion, hurrengoan Txinako harresia zeharkatu nahi zuen merkatari xumearen bidaia… Zer ez zion kontatu amonak! Istorio horiek
egiazkoak al ziren? Auskalo! Baina Garaziri horrek ez zion axola. Larunbatero, amonaren etxera joan, egongelako besaulki bigunean eseri, eta amonak zerbitzatzen zion txokolate beroaren usain gozoa dastatuz kontatzen zizkion istorio zoragarriei adi igarotzen zuen arratsaldea. Egun magikoa zen harentzat.
Abenduko larunbat hotz batean, ohi bezala, amonaren etxera abiatu zen. Egun hartan sekretu handi bat jakiteko puntuan zegoen Garazi. Amona hizketan hasi zen:
-Garazi, dagoeneko hamabi urte dituzu, asko hazi zara, eta buru argia duzu -Garazik adi entzuten zion amonari, aurpegian adierazpen ezohikoa baitzuen – Hala ere, badago oraindik ez dakizun zerbait. Badago sekretu bat, gure familiako emakumeen
mende egon dena belaunaldiz belaunaldi. Heldu nire eskuak, itxi itzazu begiak, eta
errepikatu nirekin hiru aldiz:
“Antzina-antzinara hemendik. Sasi guztien gainetik, laino guztien azpitik, jauzi eta brixt!”
Begiak ireki zituenean, baso ilun, hotz eta trinko batean zegoen Garazi, amonaren arrastorik gabe. Bere burua egoera horretan ikusita, Garazi hainbeste ikaratu zen, zorabiatuko zela pentsatzera iritsi baitzen. Izan ere, oso neska beldurtia zen. Baina, bat-batean, haize goxo bat sentitu zuen, eta lasaiago sentitu zen. Apur bat mugitu ondoren, ohartu zen haizeak korronte moduko bat osatzen zuela, eta aurreraka ibiltzera bultzatzen zuela. Horrela, haize ufadari jarraitzea erabaki zuen. Aurrera zihoala, berriro hartu zuen izuak. Bat-batean, norbait begira zuelako irudipen bizia zuen. Gora begiratu, eta zuhaitzen artean, katagorri talde handi bat ikusi zuen berari begira, eta berriro lasaitu zen. Bidean aurrera jarraitu ahala, Garazi gero eta konfiantza handiagoz zegoen. Hala, kobazulo handi baten parera iristean, haize ufada gelditu egin zen. Kobazuloaren sarrera hurbildu zenean, Garazi konturatu zen barrutik berotasun atsegin bat zetorrela, eta sartzea erabaki zuen. Behin kobazulo barruan, ahots goxo bat entzun zuen:
-Ongi etorri etxera, Garazi. Marimunduko sorgina naiz, Mari. Galtzagorriek esan didate bazentozela, zuk katagorri moduan ikusiko zenituen arren.
Garazik gora begiratu, eta harkaitz batean igota, suaren pareko ile luzea orrazten, emakume eder bat ikusi zuen. Ilun zegoen, eta ez zitzaion aurpegia ondo ikusten, baina Garaziri amonaren gaztetako antza zuela iruditu zitzaion. Edo amarena? Edo ezagutzen zituen beste emakume batzuena? Eltze bat zuen sutan. Garazi izuak hartu zuen berriro, eta korrika irtetea pentsatu zuen une batez, baina Marik beldurra
ikusi zuen bere begietan eta zera esan zion:
-Garazi, ez zaitez ikaratu. Fedea izan behar duzu zeure buruan, konfiantza. -Marik ilea orrazteari utzi zion.- Igo zaitez, salda beroa emango dizut. Garazi pauso motelez igo zen Mari zegoen harkaitzera eta honek eskaintzen zion katilu bete salda onartu zuen. Probatu zuenean, etxean bezala sentitu zen, amonaren oilo-saldaren zapore bera baitzuen.
-Gogoratu, Garazi, neska indartsua eta ausarta zara, baina denok beldurtzen gara noizean behin. -Hori esanik, eskua Garaziren bularrean pausatu zuen- Izutzen zarenean, gogoratu beti egongo naizela zure barruan, eta arnasa sakon hartzean edo begiak istean, hor egongo naizela, zure ondoan.
Garazik ez zekien zer esan, baina ez zuen ezer esan beharrik izan, Marik bere urrezko orrazia neskaren eskuan utzi baitzuen:
-Oparitxo bat da, gaurkoa inoiz ahaztu ez dezazun, lamien erreinukoa.
Beste katilu bat salda zerbitzatu, eta zera esan zuen:
-Arazoen aurka borrokatzen jarraitu behar duzu, eta nahiz eta bakarrik egiteko gai zaren, badakizu zure baitan egongo naizela laguntzeko.
Salda edaten zuen bitartean, Garazik betazalak isten ari zitzaizkiola nabaritu zuen.
Begiak ireki zituenean, amonaren egongelako besaulkian etzanda zegoen, manta batekin estalita. Dirudienez, dena amets bat izan zen. Amonari deitu, eta berak ere esan zion lo igaro zuela arratsalde osoa. Beraz, Garazi etxera abiatu zen, eta etxeko giltzak hartzeko eskua poltsikoan sartu zuenean… Hantxe zegoen, Marik emandako urrezko orrazia. Beraz, ez zen amets bat izan? Edo bai? Egun hartatik aurrera,
amonak euskal mitoliogiarekin lotutako istorioak kontatzen zizkion beti, baina inoiz ez zion egun hartan gertatukoa aipatu. Garazik ez zuen inoiz lortu amets horretara itzultzea, baina beharrik ere ez zuen izan, bazekielako Mari beti egongo zela bere barnean. Gertatutako guztiaren ondoren, Garazik ez zuen inoiz jakin Mari benetakoa ote zen, izan ere, amonak behin aipatu zion bezala,
“direnik ez da sinetsi behar,
ez direnik ez da esan behar”
Iruzkina utzi