Jentilbaratza K.E.-k (Jentilbaratza Kultur Elkarteak) eta Gipuzkoanatura Fundazioak abenduaren 20rako Ibilaldi Magikoa antolatu dugu Ataungo Lizarrusti Parketxean. Egun horretan, Olentzero eta Mari Domingi bertatik bertara ezagutzeko aukera izango dugu Aralarko ingurune natural paregabean.

Sarrerak Azaroaren 20an 10:00etan. Jarduera honetarako sarrerak ibilaldia baino hilabete lehenago jarriko dira, eskuragarri, Gipuzkoanatura webguneanan (KLIKATU HEMEN)

Jakin badakigu, urteroko moduan, lekuak oso denbora gutxian agortuko direla, dagoeneko ehunka pertsona ari zaretelako informazio eskatzen. Jarduera behar bezala antolatzeko eta guztion gozamenerako, hona hemen hainbat ohar garrantzitsu:

  • Sarrera ezinbestekoa da: Egunean bertan ez da onartuko sarrerarik ez duen inor. Ibilaldiaren kalitatea eta parte-hartzaileen segurtasuna bermatu nahi ditugu; hortaz, sarrerarik gabe kanpoan geratuko zaretenoi, bihotzez eskatzen dizuegu ulermena. Gogoan izan, Ataunen, bai Barandiaran Museoan eta baita Lizarrustiko Parketxean ere, urte osoan zehar gure ondare kulturala eta naturala hedatzeko ekintza ugari antolatzen ditugula; hurrengoan izango duzue elkarrekin gozatzeko aukera berri bat.

  • Ibilaldiaren ezaugarriak: Bi ordu eta erdi edo hiru ordu inguruko iraupena aurreikusten dugu. Zailtasun aldetik ibilbide erraza izan arren, ez da gomendagarria 3 urtetik beherako haurrentzat.

  • Ibilbidea: Hasieran eta amaieran 10-15 minutuko aldapa egongo da. Tarteko ibilbidea, aldiz, ia desnibelik gabeko baso lau batetik egingo da. Aralarko pagadi eder eta magiko bat zeharkatuko dugu, pertsonaia mitologikoen bizileku den Allekupeko basoetan barrena.

  • Aparkalekua mugatua: Lizarrustiko aparkalekua txiki geratzen zaigu horrelako jendetzarentzat. Beraz, sarrerak lortzen dituzuenoi arren eskatzen dizuegu ibilgailuak partekatzeko eta ahalik eta kotxe gutxienetan etortzeko.

  • Zer eraman: Mendiko arropa eta oinetako egokiak ezinbestekoak izango dira. Eta, noski, Olentzero, Mari Domingi eta Jentilbaratza K.E.-ren mundu mitologikoan murgiltzeko ilusio handiz etortzea!

Zorte on sarrerekin eta laster arte!