Bazen behin, Asiako Ekialde Hurbilean bizi zen familia apal bat. Familia hau Palestinako, Gaza hirian dagoen Salah Al Deen auzoan bizi zen. Lau ziren familian: aitak, Ibrahim zuen izena, amak, Aida, seme gazteenak Danil eta seme zaharrenak, berriz, Amin. Duela pare bat urte, aitona gerran hil zenetik misil baten eztandaren ondorioz, amona Mira ere beraiekin bizi zen. Baina geroz eta ahulago eta tristeago ikusten zuten etxekoek. Ez zekiten triste zegoelako edo gaixo zegoelako zen. Ez ziren kondizio onenetan bizi, ez. Bi gelatako etxe txiki batean bizi ziren. Gela horietako bat komun txiki bat zen eta bestea, berriz, bai sukaldatzeko eta bai lo egiteko erabiltzen zutena. Su batek, mahai batek eta kaletik hartutako koltxoi zahar batzuek osatzen zuten bigarren gela hori. Gau luze eta beldurgarri batean, Ibrahim ezin lo egin zebilen, koltxoian alde batera eta bestera. Urrunean gerraren soinu beldurgarriak entzuten ziren, misilen eztanda hotsa, armen tiro hotsa, pertsonen garraxiak… Soinu beldurgarri guzti horiek entzunda, sufritzen ari zen jendearen irudia etorri zitzaion burura Ibrahimi. Aita galdu zuen gerrate hortan eta ez zuen beste familiako norbait galdu nahi. Aida ere, ezin lo hartu zebilen. Isilean Ibrahim hitz egiten hasi zitzaion:

-Ihes egitea pentsatu dut, Aida – esan zion Ibrahimek bere emazteari.

-Nora?

-Ez dakit. Euskal Herrira, edo…

-Zu bakarrik?

-Ez, denok batera noski.

-Nola?

-Ez dakit, baina bihar hitz egingo dugu.

Goiz hartan Ibrahimek pentsatutako plana kontatu zion Aidari.

-Kamioi batean sartuko gara izkutuan eta Siriara iritsiko gara. Bertan, Petroleoa garraiatzen duen itsasontzi batean sartu eta Espaniara iritsiko gara, han, gure dirua, Shekel israeldarrak euroetara aldatuko ditugu. Autobus batean Euskal Herrira joango gara eta horrela bertan bizi berri batekin hasiko gara. Zer iruditzen zaizu?

-Bidai luze eta arriskutsua izango da, baina ezin dugu horrela segi.

Bitartean Iranen, baina ez Asiako Iranen, Ataun herriko Iran baserri parean baizik:

-Aurki Gabonak dituk, Otxoko! Zer eskau behar diok Olentzerori? – galdetu zion Tortok.

-Nik lantza berri bat eskau behar zioat, nire oraingoa, semeari eman behar zioat eta! Hasita zeok basurdetara joaten! Lehengoan bat ehizatu zian, afari ederra egin genian! – erantzun zion Otxokok harro.

-Joe! Hurrengoan gonbidatu! Nik lamien urrezko izara eskatu behar zioat. Gaixotasun guztietatik babesten omen dik!

-Ez dek idea txarra, ez!

Izenaduba Basoan berriz:

-Aurten beste urteetan baino gutun gehiago jaso ditugula pentsatzen diñat!-Olentzerok

-Ez haiz bakarra – Maridomingik.

-Justu ibiliko gaitun aurten…

-Emango ziguk, lasai – Maridomingik gutun bati begira -Ara, hau gure lagun Aita Noelena da!

-Zer kontatzen ziguk? – Olentzerok jakin minez.

-Hau ziok:

Arratsalde on!
Zer moduz Euskal Herri inguruan? Ni hemen Rovaniemi-n Finlandian, larri samar!

Hainbeste gutun! Oraingo ume hauek ez dute lotsarik, gauza bat eta beste bat… eskatzen dituzte!
Baina bada Danil Alwan izeneko ume bat. Gazatik Atauna joan behar da bere familiarekin. Denak
osasuntsu iristea eskatu dit. Espero dut zuek lagundu ahal izatea, ni ez naiz eta Euskal Herrian
ibiliko aurten!                                            Eskerrik asko!                                                     Aita Noel.

Alwan familia kamioi batean sartu zen ezkutuan. Kaja batzuen atzean bidaiatu zuten. Jordaniara
gerturatzen ari zirenean:

-Zenbat falta da? – galdetu zuen Danilek.

-Uf, asko Danil, asko – esan zion Aminek.

Hiru orduren ostean, gidaria lo egiten geratu zen aparkaleku batean. Bitartean Ibrahim eta Amin seme zaharrena, jateko zerbaiten bila joan ziren ezkutuan. Ordu laurden bat igaro ondoren, etorri ziren biak. Janari pixka bat lortu zuten. Hurrengo egunean iritsi ziren Siriara. Gaua izatera itxaron zuten. Horrela errazagoa izango zen Espainiara zihoan itsasontzira inork ikusi gabe sartzea. Egun batzuk itsasoan igaro ostean iritsi ziren Espainiara. Bartzelonako portuan trena hartu eta Beasain herrira joan ziren. Azkenean autbousez, Ataun herrira ailegatu ziren. Alwan familia oso pozik iritsi zen Gipuzkoako herri txiki eta luze horretara.

Agauntz aldean, Mariri sendabelarrak bilatzen laguntzen ari ziren Torto, Otxoko, Kixmi, Akerbeltz eta San Martin Txiki. Gero, belar haiekin, edabe magikoa egiteko behar zituzten. Halako batean, Danil eta bere familia agertu zen Agauntz aldetik.

-Egun on! Gazatik gatoz, oso bidai luzea egin dugu honea iristeko eta emango al diguzue jateko zerbait?

-Noski! etorri gure kobazulora! Han sua egin eta zerbait beroa hartuko dugu – esan zion Otxokok

Hasieran beldurtu baziren ere, lagun onak egin ziren. Aldapa behera abiatu ziren eta iritsi ziren Sastarriko kobara. Bidai luzearen ondoren oso nekatuta zeuden. Jentilek prestatutako afaria jan ondoren, ohera joan ziren. Hala ere, bazen palestinarrak kezkatzen zituen gai bat. Amona geroz eta ahulago zegoen.

Hurrengo goiza berezia zen Euskal Herrian. Olentzero eta Maridomingik gauean beraien lanak txukun bete zituzten, baita Sastarriko koban ere. Jentilak pozik zeuden opariak irekitzen. Otxoko bere lantza berria probatzeko irrikaz. Familia palestinarrarentzat ere bazen gutun bat su ondoan:

Eguberri on Danil eta Konpania
Eguzkilore etxea zuentzako da, baita bertako janari eta diru guztia ere. Gainera, Urtarrilak 7an Amin eta Danil Joxemiel Barandiaran eskolan hasiko dira. Ataungo ume eta irakasleak zain izango dituzue. Agur! Olentzero eta Mari Domingi.

Aidari eta Ibrahimi negar malkoak atera zitzaizkien, baina hala ere gauza bat falta zitzaien. Amonak gaixo jarraitzen zuen. Tortok bere Olentzero eta Mari Domingiren oparia ireki eta Mirari eskeini zion:

-Tori! Urrezko izara honek gaixotasun guztietatik babestuko zaitu, Mira!

Horrela hasi zen Alwan familiaren istorioa Ataunen.