Mitologia, ipuin edo kontu fantastiko sorta ez ezik, errealitatea esplikatzen duten argibideen multzoa da. Bizimodua arautzeko balio ez duenean baizik ez da bilakatzen mitologia kontu edo ipuin fantastiko bilduma, baina, orduan ere, ematen duen informazioa aintzat hartzeko modukoa da. Izan ere, beste azalpenik ezean, gertakari naturalei aurre egiteko nahiz euren buruak lasaitzeko, mitoak herritarrei ingurunea ulertzen lagundu dien lanabesa izan dira mendeetan zehar.

Ataunen Jose Migel Barandiaranek lan handia egin zuen mitologiaren transmisio soka eten ez zedin. Zehazkiro, ahozko tradizioa paperean bilduz altxorra utzi zion herriari eta horri esker, hainbat txoko eta istorio mitologiko ezagutarazten dira urtero Jentilbaratza Kultur Elkartearen eskutik.

Aurten hiru ipuin kontaketa egongo dira.

 

 

 

 

 

 

 

 

  • Lehenengo eguna urriaren 6a izango da (igandea) Zegamako Anduetza parketxean eta bi txanda egongo dira, 11:00etan eta 12:30etan.
  • Bigarren aukera urriaren 12an izango da Ataungo Barandiaran Museoan, larunbat arratsaldez beste bi saio eskainiz, 16:30etan eta 18:00etan.
  • Azkena Arantzazun ospatuko da, Gandiaga Topagunean hain zuzen ere, urriaren 20ean (igandea) goizeko 11:30etan saio bakarra izanik.

 

 

Euskal mitologiazko hainbat elezahar, mito, kondaira zein ipuin kontatuko dira. Kontalaria “Marimunduko” izango da, Maitane Aizpurua ataundarra eta Jentilbaratza Kultur Elkarteko kide, baina, ez da bakarrik etorriko… Aukera paregabea da, Jose Migel Barandiaranek jasotako kondaira mitologikoak ezagutu eta giro goxo eta magiko batean momentu ezin hobea familian igarotzeko. Aurrez erreserba egitea nahitaezkoa izango da eta prezioa 5€-koa izango da pertsona bakoitzeko.

 

Izena emateko eta informazio gehiago jasotzeko:

Anduetza parketxea: 943 80 21 87 / 688 62 36 09 / anduetza@gipuzkoanatura.eus
Barandiaran Museoa: 943 18 03 35 / 688 895 069 / barandiaran@gipuzkoanatura.eus
Arantzazu parketxea: 943 78 28 94 / 699 335 183 / arantzazu@gipuzkoanatura.eus

www.gipuzkoanatura.eus