Ataungo Lizarrusti Parketxean abenduaren 22rako antolatu dugu “Jentilak eta olentzero” ibilaldi magikoa.
Izena emateko abenduaren 4ean 9:00etan, gure web orrian (www.jentilbaratza.eus) erreserba egin beharko da. Erreserba hau egunean bertan Lizarrustiko Parketxean sarrerarengatik aldatu beharko da (3€ pertsonako).
Aurrez, esan, jakin badakigula oso denbora gutxian agortuko direla lekuak, urtero bezala ehunka eta ehunka pertsona ari zaretelako deitzen informazioa eskatuz, eta pena handiz, baina agortu ondoren ezin izango dugula izen gehiago hartu.
Hainbat ohar garrantzitsu:
- Egunean bertan ez da onartuko sarrerarik ez duen inor. Jarduera honen kalitatea eta segurtasuna bermatu nahi ditugu, hortaz, sentitzen dugu kanpoan geratuko zareten guziongatik, bihotzez, eta ulertuko duzuelakoan gaude.
- Bi ordu eta erdi/hiru bat orduko ibilaldia izango dela aurreikusten dugu, nahiz eta zailtasun aldetik ez den ibilaldi zaila, 3 urtetik beherakoentzat ez da gomendagarria, baldin eta haurra ez badago mendian ohitua.
- Ibilaldiaren hasieran eta amaieran 10-15 minutuko aldapa egongo da, baina tarteko ibilaldia baso lau batetik zehar egingo da, ia desnibelik gabekoa, pagadi eder eta magiko batetik hain zuzen, pertsonaia mitologikoen bizileku den Allekupeko basoetatik.
- Lizarrustiko aparkalekua txiki geratzen zaigu horrelakoetan, hortaz, arren, sarrerak eskuratzea lortzen duzuenok ahalik eta kotxe gutxienetan etorri.
- Mendiko arropa eta oinetako egokiak beharrezkoak izango dira eta noski, mundu mitologikoan murgiltzeko gogoz eta ilusioz etortzea!
Iruzkina utzi