Atzo larunbatean, Ataungo herrian, basoetatik eta mendietatik jeitsitako izaki harrigarrien bisita izan genuen, jentilak eta sorginak Atauna jeitsi zirelarik. Herritarrek, hasieran errezelo eta kezkaz jaso baldin bazituzten ere, ongi etorria eman eta San Martingo plazatik kiroldegirainoko ibilbidea alaitasunez egin genuen.
Kiroldegian, Jentilen Etorrerako antzezpen dotorea ikusteko aukera izan zuten bertaratu ziren ikusleek. Mari Aretza eta Otsoko jentilen taldeak, eztabaida eta ikamika ugari izan zituzten, sorginak ere lekuko izan zirelarik, herritarrak ere jentilen arteko eztabaidaren aurrean kezkatuta egon ziren, eta Torto eta zezengorriaren arteko borroka beldurgarri bat ere izan genuen. Azkenean, jentilak ere elkar ondo ulertzeko beharra dutela garbi geratu zen, Otsokok azaldu zuen moduan.
Bi ikuskizun hauetan, guztira 1400 ikusle izan genituen, aurrez kale ibilaldiaz ere gozatzeko parada izan zelarik, eguraldia lagun, jentilen eta herritarren arteko anaikidetza indarturik geratu zelarik beste urte batez.
Antolatzaileen izenean, Ataungo herria eta Jentilen Etorrerako partaideak zoriondu nahi ditugu, bereziki eskerrak emanez Otsoak dantza taldeari, Eate abesbatzari, Leire eta bere trikitilari taldeari, eta antolakuntza lanetan ibili diren hainbat eta hainbat herritarrei. Ataungo udalari, Ampo, Irizar, Orkli, Doilan eta Tximelari ere bai, ematen diguten laguntzagatik.
Gora Ataungo Jentilak!
Iruzkina utzi