Olentzero
Oiartzunen, Beran, Irunen, Donostian erabiltzen den izen honek baditu aldaerak euskal herriko herri desberdinetan. Izen honen eta bere aldaeren eremuak kostaldea eta Beterri hartzen du Gipuzkoan eta baita ere Nafarroako zati bat.
– Olentzaro da Orexan, Lesakan eta Arakilen;
– Orentzaro Zarautzen;
– Onentzaro Andoainen;
– Orantzaro Berastegi eta Larraunen.
Izen honen inguruan biltzen diren gai batzuk beste leku batzuetan ondorengo izen hauei loturik azaltzen dira:
– Xubilaro (Arakil),
– Suilaro (Sara),
– Xiularo (Uharte-Hiri),
– Suklaro (Zaraitzu),
– Galerre (Agurain eta Dulantzi),
– Kalerre (Ulibarri-Ganboa),
– Putierre (Amerita).
Olentzero, urteko sasoia
Onenzaro. Lezoko Isasti historialariak dioenez, XVII. mendean Onenzaro izenez izendatzen zen Gabon eta «zintzoen aldia» adierazten duela hitz horrek. R.M. de Azkuek esanahi bera eransten dio izen horri. Beste interpretazio batzuk ere proposatu izan dira, «Oleries aroa» eta «Noel aroa» bezalakoak.
Zalantzarik gabekoa dirudi Olentzaro urteko sasoi bat dela.
Olentzero, pertsonaia
Baina herri batzuetan Gabon gauean agertzen den gizon edo pertsonaia irrigarri samar bat bezala irudikatzen dute.
Olentzeroren irudiak
Esaten da
– bere emaztearekin bizi den ikazkin bat dela Oiartzunen,
– begiak gorriak dituela, odoltsuak Zarautzen,
– bere aurpegia beltza dela, ikatzez kedartua Elduainen,
– ote-sorta gainean eta igitaia eskuan duela azaltzen dela Berastegin,
– tripazaina dela Zarautzen, Lizartzan eta Oiartzunen,
– Gabon gauean etxeetan tximiniatik sartzen dela eta hargatik aldez aurretik garbitu behar dela bide hori Elduainen, Lizartzan eta Berastegin,
– familia lotara erretiratua denean sukaldera etortzen dela eta sukaldean gau horretan sutan dagoen Olentzeroenbor deituan berotzen dela Oiartzunen,
– bere ote-sortari su ematen diola eta horrela berotzen Berastegin,
– urteak egun adina, eta bat gehiago, begi dituela, urteak egun adina begi dituen Jaitz eskualdeko pertsonaia mitikoa den Ujanko-ren antza izanez Larraunen.
Oiartzun, Lesaka, Leitza eta Arakil bezalako herrietan
lastoz eta arropaz eginiko giza irudi edo maniki bat bezala irudikatzen dute Olentzero, eta andetan jarrita etxez etxe eramaten dute Gabon eskea egiteko: haurrak egunez, nagusiak gauez.
Oiartzunen bada mutiko bat ikazkinez janzteko ohitura eta, maniki batekin egin ordez, etxez etxe andetan eramatekoa ere. Praktika hau bera egiten zuten lehen Beran, Pasaian, Andoainen eta Elduainen.
Larraunen Olentzeroren irudia, buruan txapela eta igitai bat eskuan duela, tximiniatik zintzilik edukitzen dute gauerdiko meza ostera bitartean;
Lesakan, Leitzan eta Arakilen leiho batean eduki ohi dute Olentzeroren antzeko irudi
bat zintzilik. Lesakan, gazteek Olentzero irudikatzen duen txingotea erretzen dute herriko plazan.
Olentzero, Gabonetako pregoilari
Beran eta Oiartzunen, Kristoren etorrera aldarrikatzen duen pregoilari bat dela esan ohi dute. Hara zer abesten duten Oiartzunen diru biltzea egiten duten gazteek:
«Olentzero juantzaigu
mendira lanera
intentziyuarekin
ikatz egitera.
Adittu duenian
Jesus jayo dela
lasterka etorri da
parte ematera».
Eguberri
(egu «argi» eta «eguzki», eta berri)
Egun horri loturik aurkitzen dira hainbat sineste eta solstizioko erritu, baita aurreko gauari eta Urte Berriari ere. Olentzero deitzen den pertsonaia bat azaltzen da haien artean, gorago esan den bezala.
Argi berri edo eguzki berri bezala hartzen zen egun hori Kristautasunaren aurretik, zalantza gabe. Kristauek Kristoren jaiotzari eskaini zioten.
Gertakari hau euskal herriko alderdi batean Gabon eta Eguberriz aldarrikatzen aritu dena Olentzero da, Oiartzunen ohikoa den Gabon abesti batean esaten den bezala, gorago esan dugunaren arabera.
Zentzu honetan, jentil bat edo jentil asko izan ziren berri honen pregoilariak –lehendabiziko Olentzeroak–, Zaldibian, Ataunen, Seguran, Urdiainen, Etxarriko-sariak (Andia mendikatea), Hernani, Oiartzun eta Orozkon jaso nituen hainbat elezaharren arabera.
Zaldibiako artzain batzuk Aralarren 1917an kontatu zidaten elezaharrak honela dio:
Aspaldi-aspaldian, jentilak Argintxabaletako larrean joko eta jolas giroan distraiturik zirela, Iparretik beren gainera lasterka zetorren hodei misteriotsu bat (hodei argitsu bat, beste aldaera batek dioenez) azaltzen ikusi zuten. Izutu ziren jentilak eta Intzensao basotik barrena ihes egin zuten larriturik. Arraztaranera iritsi zirenean, oraindik ere han den eta Jentilarri deritzan harri muino baten azpian sartu ziren denak.
Artzainek erantsi zutenez jentil zahar batek, hodi argitsua ikustean, bere lagunei Kixmi jaio zela esan omen zien, euren hizkeran tximua adierazten duena. Izengoiti honekin deitzen zion honek Kristori eta jentiltasunaren desagertzea aldarrikatzen zuen.
Nire berriemaileek esaten zidaten, mendikate hartako trikuharri askoren artekoa den Jentilarrin gelditu zirela lurperaturik Aralarko azken jentilak, Kristo jaioa zela bere kideei aldarrikatzera haranera jaitsia izango zen bat izen ezik. Hortaz, jentil bat izan zen lehen Olentzeroa.
Leave A Comment