Zezengorri
Lur azpian bizi diren jeinuak, zezengorri itxuran agertzen dira sarritan. Kobazuloetan bizi den izakia da. Batez ere zezen, behi , zekor edo txahal gorri itxura hartzen du eta uste izan da Mari euskal mitologiako jainkosaren bizilekuak zaintzen dituela. Kontu-zahar batzuen arabera, Mari bera izan liteke Zezengorri..
Elezahar batzuetan Zezengorrik sua botatzen dute ahotik eta sudurretik, eta era honetan kixkaltzen ditu bere arerioak. Beste batzuetan berriz, sua adarretan eta isatsean izaten du eta horregatik kobazuloetatik irteteko unean dizdira egiten du. Kobazuloetan bizi da, lurpeko sarrera hauen zaintzaile delako. Norbait kobazuloan sartu eta bertako bakea hautsiz gero, haserretu eta gaiztoa bezain beldurgarria gerta daiteke.
Batzuetan gizaki itxura har dezake eta herrietara joan kobazuloko bakea hautsi duena zigortzera.
Ataunen esaten omen zuten ez zela komeni harriak edo beste gauzak botatzea leize eta kobazuloen barnera, bertan bizi omen ziren Txahalgorriak ez zirikatzeko. Bereziki Askaata eta Usategi leizeak aipatzen zituzten irelu hauen bizilekutzat. Berdin gertatzen zen Iturriotz baserritik gertuko kobazulo batekin. Han harriak bota eta gero, zezengorri bat agertzen zen eta bere agerpenak zoritxarra ekartzen omen zuen.
“Duela urte batzuk artzain gazte batzuk Marumendi aldean biltzen ziren jai egunetan, eta bertan dantza egiten zuten pandero eta tronparen doinuz. Haietako hiruk harriak jaurti zituzten bertan dagoen kobazuloren barrura eta txahalgorri bat irten zitzaien. Beldurturik, korrika batean irten ziren eta haietako bat nekeak jota Agaoz tontorrean hil zen. Bigarrena Aralegiko zelaian, eta hirugarrena Urrestarazu izeneko bere baserrira heltzea lortu zuen, baina handik hiru egunetara jasandako ikaragatik zendu zen.”
Ohar bedi, Zezenak Europa hegoaldeko kultura guztietan garrantzia handia izan duela.