Sorginak
Euskal Mitologian leku seinalatua dute sorginek. Gehienetan, eginkizun eta botere harrigarriak dituzten jeinuak dira, gehienetan emakumezkoak.
Batez ere gauetan egin ohi diren akelarre-bilkuretan hartzen dute parte, Etsaia Aker itxuran akelarreran gidari eta buru dutela.
Sorgin jeinua, sarritan, MARIren esanetara ari da. Katu, asto, putre edo bestelako pizti itxura hartzen dute sarritan, eta gorputzaren atal bat falta zaie behin baino gehiagotan (eskua, hanka edo burua). Infernuko indarren laguntzaz, naturaz gaindiko gauzak egin ditzakete. Badira gizonezko sorginak edo intxisuak ere. Akelarreetan gizonezko sorginek txistua eta danbolina jotzen dute emakumezko sorginek dantza egiten duten bitartean.
Baina sorginak benetan izan al ziren? Badira horri buruzko legendak.
Ataungo kontu-zahar batek dionez, irule-ardazle batek ez zuen sinisten sorginik bazenik eta gauez etxera bidean zihoala, sorginak agertu zitzaizkion, “Ez geala, bageala, amalau milla emen geala” oihukatuz. Beste esaunda batek dio, “Direnik ez da sinistu bear; ez direla ez da esan bear”.
Norbait sorgina den jakiteko euskal mitologian ariketa-proba ezberdinak aipatzen dira: jaio ez diren seinale, ez dute orinik eduki behar gorputz guztian, begiko zurian sorgin seinale bat izaten dute, hatz lodia esku bereko eskumuturra jotzeraino bihur dezakete, familia bereko 7. alaba sorgina izan behar du…
Inkisizioak honelako aitzakiak jarriz, ezarritako agintearen eta boterearen aurka zeuden emakume euskaldun asko atxilotu eta erre zituen. Euskal Herrian, kristautasuna finkatu zenean, aurreko ohitura paganoei eutsi zieten emakumeak sorgintzat hartuak izan ziren, herri-sineskeriak, erlijioa, auzokideen arteko liskarrak eta politika elkarrekin nahastuta zeudelarik.
“Ilbeeran arrak,
ilgoran emek!
Danak izango die
Mariñ umek!”
Ama Lurraren sabelean sartu dira sorginak. Haitzuloan beti da gaua eta oilarrak ez du kukurrukurik jotzen. Libre dira beraz, presarik gabe, gau-bilkura egin eta luzaroan dantza egiteko.
Azti lagunak esan die, Ataungo koba zaharrenean aurkituko dutela, erabat eta benetan, sorleku duten Ama Lurraren indarra. Koban ez dute Nazako errekondoaren aire garbirik baina badute aireak kutsatu gabeko ur-putzua, inork ukitu ez duen osina. Dantzan egiteko asmoa dute. Hasi dira doinuak ezpainetara jasotzen, hasi dira elkarrengana inguratzen eta oinak zeruraino altxatzen…
Baina ezin!!! Ezin dantzarik egin!
Marimunduko, Maripetraliñ, Marisor eta gainerako sorginak, harri eta zur geratu dira. Ilargi betea falta zaie kobazuloan. Mitoak Bizirik 2019 egutegia.