Jentilak
Euskal mitologia eta euskal elezaharretako pertsonaiak. Kristautasunaren aurretik Euskal herria deitzen dugun lurralde honetan bizi omen zirenak. Gehienetan, kontu zaharretan, izaki indartsu agertzen dira jentilak: erraldoiak eta altuera eta zabalera izugarrizko gizakiak.
Lan ikusgarriak burutu ohi zituzten nekerik gabe. Aintzinako kristauek, “gentil” deitzen omen zieten pagano zirenei. Kristauak baino kristau hobeak zirela esan ohi da, hain baitziren lagun-berak eta errukiorrak.
Mendian bizi ziren, urruneko haitzuloetan edo lur azpian eta ezezagunei harritzarrak bota ohi zizkieten bertara inguratu ez zitezen.
Haiek eraiki dituzte, besteak beste, menhirrak (jentil-harriak) eta cromlechak (jentil-baratzak). Baita Euskal Herriko hainbat eliza, zubi eta etxe ere. Joxemiel Barandiaranek elezahar asko bildu zituen Jentilei buruzkoak. Eta Aralar mendien inguruan leku-izen ugari aurkitu zuen haien aipamena dutenak: Jentilarri, Jentilbaratza, Jentiletxe, Jentilzulo, Jentilkoba, Jentilzubi….
Batzuen ustez lehen artzainak izan ziren. Inork baino lehenagotik ezagutzen zuten nekazaritza, eta gainerako gizakiei gauza asko irakatsi zizkieten. Elezahar batek dionez, Samartintxikik garia ereitearen sekretua lapurtu zien jentilei.
Horrelako izakiek, itzal handia dute mitologia indoeuroparrean. Hauetako batzuk Titanak, Fomoré-ak, Jotuns-ak, Lechïï-ak eta Leshiye-ak dira.
“Ataungo Usategiko koba. Koba miresgarria. Bertan bizi izan ziren jentilak. Kanpoko izotzalditik ihesi, mailozulo honetan babestu ziren. Duela 27 mila urte inguru, Usategin bazebilen gizakia, eta bere aztarnak utzi zituen.
Orduko jentilen ondorengoak ote gara? Edo enbor ezberdinetako ezpalak gara? Jentilak deitu izan zaie Ataungo Aia auzoko bizilagunei. Leizadi mendian, jentilak bizi zirela esan izan da. Olata-haitzean dagoen Iruzuloetan eta Artzate haitzean ere bai… Sastarriko koban ere jentil-familia bat bizi izan omen zen. Ataun San Martingo Eliza, jentilak egina dela diote leiendek… Jentilbaratza gazteluaren aztarnak harkaitz gainean daude oraindik. Jentilak jokora jaisten ziren Agerre baserrira. Jentiletxe deitzen diegu Ataun-Burunda aldeko trikuharriei. Azkeneko jentilen leienda ere, belaunez belaun iritsi zaigu gaur arte.
Ataunen urtez urte egiten diren Jentilen Etorrera antzezlanak, Gau Ibilaldi Mitologikoek eta beste hainbat ekitaldik, arnas ematen diote garai bateko mundu mitologikoari.” 2017 Mitoak bizirik egutegia.