euskal mitologia ipuin kontaketa

Jentilbaratza Kultur Elkarteak, euskal mitologia erdi gunean jarriz beti eta esparru desberdinetatik zetorkion eskaerei erantzun bat eman nahian (ikastetxe, elkarte, …), formatu txikiagoa duen beste ikuskizun bat sortu beharrean gertatu zen, ipuin kontaketak hain zuzen.

Ipuin kontaketak, handiagoak diren beste jarduera batzuen osagarri da; leku txikiago eta baliabide gutxiagoekin, ikusle kopuru mugatuagoei zuzendutako eskaintza bat da. Kontaketa hauek, jaso bezala transmititzen dira, hau da ahoz ahoko urteetako transmisioa ardatz dutela. Pasarte batzuetan antzeztu ere egiten da, ipuinak edo istorioak eskatzen dituen pertsonaiak sartuz, eta ikuskizuna osatuagoa bihurtuz.

Marimundukoren eskutik ipuinen mundu miresgarrian eta legenden lurraldean murgiltzeko aukera paregabea izaten du ikusleak. Ipuin harrigarriak, barregarriak batzuetan, beldurgarriak beste zenbaitetan. Belaunaldiz belaunaldi, aitona-amonek afalostean, sutondoan, kontatzen zituzten ipuinak izaten dira usu.

Marimundukok gidatuta euskal mitologiaz zipriztinduko dira partaideak. Basajaun, Basandere, Torto (Tartalo), Samartin Txiki, Sorginak, Aztiak, Lamiak eta hainbat pertsonaia mitologiko bizi diren inguru magikoan sartuko dira ikusleak.

Hona hemen kontatzen duten pasarte bateko zati bat:

“Bazen behin munduan, jentilak bizi ziren herri bat. Aralar mendiaren babesean, alai eta zoriontsu igarotzen zituzten egunak. Eguzkia eta ilargia zituzten jainko. Lurra maite zuten gauza guztien gainetik eta trumoiei eta tximistei begiratuz ikasi zuten sua egiten.

Lurraren barrua zuten bizileku eta esnezko eta eztizko ur errekak zituzten lur azpiko mundu isilean.

Otsoak eta ardiak elkarren lagun omen ziren, eta goroldioak ere hitz egiten omen zuen…”

Kontaketak hasiera batean herrira mugatzen baziren ere, gaur egun herritik kanpora ere egiten dira emanaldiak.

  • euskal mitologia ipuin kontaketa
  • euskal mitologia ipuin kontaketa
  • euskal mitologia ipuin kontaketa
  • euskal mitologia ipuin kontaketa
  • euskal mitologia ipuin kontaketa
  • euskal mitologia ipuin kontaketa