Aralarko Ibilaldi Magikoa
Aralarrek eskaintzen dituen aukerak asko eta paregabeak dira. Horietako bat, besteak beste, euskal mitologia eta legenden kabi izatea da. Trikuharriak, Jentilarriak … Joxemiel Barandiaranen lehen ikerketa eta indusketak …
Gabonetan egiten da ibilaldi zoragarri hau, Aralarko parke naturalean. Lizarrustiko Parketxetik abiatu eta Alleku azpian, pagadiz, goroldioz eta orbelez betetako ingurune magikoan barneratuko gara. Bertan Eguberrietako pertsonaia mitologiko nagusiak, Olentzero, Mari Domingi eta jentilak ageri ohi izaten dira eta ibilbidean barrena gure mitologiako beste pertsonaia eta izaki ugari ere, ezustean, azaltzen dira, jendearen eta batez ere gaztetxo eta haurren, arreta berezia piztuz.
Magiaz beteriko goiza izaten da. Gaur egungo munduaren eta mundu mitologikoaren arteko zubia igarotzen da. Tentuz, urduri eta zer aurkitu ekiten die partaideek bideari, misterioa bide lagun. Bidean aurrera egin ahala ulertzen da giro misteriotsu horren zergatia.
Ingurunean, erabat txertatuta gelditzen dira gure pertsonaiak, sorginak, Akerbeltz, Basajaun, Samartin Txiki, Mateo Txistu, Zezengorriak…
Ausartuko al zinake? Zatoz lurralde majikora !!!!
EKITALDIA
Hiru txandatan banatzen dira ikuskizunera etortzen diren 600 lagunak, izan ere horretan mugatzen bai da partaidetza kopurua. Ibilbideak ez du zailtasun handirik, beraz, edonork egin dezake. Bi ordu eta erdi/hiruko iraupena du izaten du. Nahiz eta zailtasun aldetik ez den ibilaldi zaila, 5 urtetik beherakoentzat ez da gomendagarria, baldin eta haurra ez badago mendian ohitua. Ibilaldiaren hasieran eta amaieran 10-15 minutuko aldapa dago, baina tarteko ibilaldia baso lau batetik zehar egiten da, ia desnibelik gabekoa, pagadi eder eta magiko batetik hain zuzen, pertsonaia mitologikoen bizileku den Allekupeko basoetatik.
Mendiko arroparekin etortzea komeni da, mundu mitologikoan murgiltzeko gogoz eta ilusioz! Olentzerori eskutitza eskura emateko aukera izango duzue!
Ekitaldi hau Barandiaran Museoak antolatzen badu ere, Jentilbaratza Elkartearen eskutik joaten da bertako pertsonai mitologiko eta istorioen antzezpenak.