Jentilen baratza ipuin eta marrazki lehiaketa
Euskal mitologiaren inguruan eta ardatz hartuta ipuin berrien bitartez mundo magiko hau suspertu eta bultzatzea da helburua. Ataungo txokoen inguruak eta izenak, pertsonaiak (Jentilak, sorginak, apaiza, Samartintxiki, Akerbeltz…),… gaurkora ekarri. Herriko gazte eta haurren irudimena eta sorkuntza bultzatu aldera, urtero, ipuin eta marrazki lehiaketa antolatzen da.
IPUIN LEHIAKETA
Euskal mitologia ardatz hartuta, gaztetxoak idazten jarrita, eta ipuin berrien bitartez, mundu magiko honetara gerturatu eta beraiek protagonista sentiaraztea da ekintza honen helburua. Alde batetik, ipuinetako pertsonaiak mitologikoak izatea beharrezkoa da. Bestetik, ipuina Ataungo txoko edo ingururen batean kokatua egotea ere komeni izaten da.
Horretarako Ataungo eta Goierriko ikastetxeetako ikasleei eskaintzen zaie lehiaketa honetan parte hartzeko aukera. Hau guztia antolatzeko, ezinbestekoa da, bertako eta inguruko ikastetxeen lankidetza.
Parte-hartzaileek baldintza hauek bete behar izaten dituzte:
- 3 mailatan parte hartu ahal izango dute:
–LH4 maila eta beheragoko ume ataundarrek.
–LH5 eta LH6 mailetako ume ataundarrek.
–DBH1 eta DBH2 mailetan dauden ikasle goierritarrek. - Ipuinak euskaraz idatzita egotea derrigorrezkoa da.
- Jatorrizkoak eta argitaratu gabeak izatea.
- Partaideko idazlan bat onartzen da.
- Ipuinak arial 12, espazio bikoitzean idatzi behar dira. Gehienez, 3 orrialde.
Ipuin Lehiaketa, ikastaldi berriaren hasieran antolatzen da eta urriaren zehar egiten da. Lanak jaso ondoren, azaroaren lehen astean, epaimahaiak sarituak erabakitzen ditu. Azaroaren 11ren inguruan izaten da sari ematea.
MARRAZKI LEHIAKETA
Euskal mitologiaren inguruan eta bera ardatz hartuta, marrazkien bitartez mundu magiko hau suspertu eta bultzatzea da helburu. Ataungo ikastetxeko umeek parte hartzen dute lehiaketa honetan.
Baldintza hauek bete behar dituzte:
- LH1 – LH6. mailara bitarteko ikasle ataundarrek parte hartu ahal izango dute.
- DIN A4 edo A3 orri batean egin beharko da marrazkia.
- Marrazkia egingo den materiala eta teknika librea izango da.
- Norberak eraman beharko du behar duen materiala.
- Marrazkia egiteko orriak, bertan, banatuko dituzte antolatzaileek.
- Parte-hartzaileko marrazki bat entregatu ahal izango da.
Ekitaldi hau Joxe Miel Barandiaran Ikastetxean bertan egiten da, San Martin Jaien aurretik. Lanak jaso ondoren, azaroaren lehen astean epaimahaiak sarituak erabakitzen ditu
SARI BANAKETA
Azaroaren 11ren bueltan egiten da, igande eguerdian, Udaletxeko arkupeetan marrazkiak ikusgai egoten direlarik.