Ataungo Mondeju Beltza lehiaketa
Azaroan egiten da ATAUNgo MONDEJU LEHIAKETA, San Martin Jaien barnean.
Mondejua, ardiaren odol eta gaiekin, beltza egiten da Ataunen eta betidanik horrela ezagutu dugu. Belaunaldiz belaunaldi, gaurdaino iraun duen bizimodu baten adierazgarri izan da eta artzaintza eta baserria izan ditu bere kabi.
Gure arbasoen artean ohiko elikagaia zen, izan ere, ez dugu ahaztu behar Ataun nekazaritzatik eta abeltzaintzatik bizi izan den herria izan dugula.
Beraz, negu garaia zenean, ardia hiltzen zuten eta dena aprobetxatzen zuten. Alde batetik: haragia, erraiak, hesteak, odola … bestetik, ardi-larrua. Odola eta hesteak aprobetxatu eta egiten zituzten mondejuak, baratzeko porru eta tipulekin.
Ataunen, San Martin auzoko jaiak ospatzeko, azaroan, ohikoa zen jaki hori dastatzea. Etxean nahiz herriko ostatuetan, tabernariek ardi-larrua jartzen zuten leihoetan eta balkoietan zintzilik mondejuak eta mondeju-zopak zituztela jendeari jakinarazteko, horixe izaten zen ostatu edo jatetxeetan egun horretan mondejua zegoen seinalea.
Otordua jakina izaten zen:
- Mondeju-zopak (mondejuak egosteko saldatan beratutako ogi zatia).
- Mondejuak
- Ardikia (ardi-haragia).
- Gaztanbera (mamia).
Garaiak aldatu egin dira ordea eta janari hau egiteko ohitura galtzen ari denez, ia gure bizimodutik desagertzeraino, berriro ere erakutsi, suspertu eta zabaldu nahian, antolatzen du Lehiaketa hau Jentilbaratza Elkarteak.
Transmisioaren garrantzia funtsezkoa izanik, gazteria eta baserri girokoa ez den jendea ere tradiziozko langintza hau ikastera eta gerturatzea derrigorrezkoa dugu gorde nahi badugu.
Horregatik gonbidatu eta animatu nahi da jendea parte hartzera Lehiaketa honetan izan ere ia oso herri gutxi dira eusten diotenek usadio honi.
ARAUAK:
Edozein herritarrek har dezake parte. Parte hartzaile bakoitzari 35 € ematen zaio ardia erosteko eta osagaiak lortzeko.
AURKEZPENA:
– Mondejuak egosita, beren saldarekin, aurkeztu behar izaten dira.
– 4 kana ekartzea eskatzen da.
– Ekartzen dituzten kazuelei zenbakia jartzen zaie, epai mahaikideek mondeju egileen izena ez jakiteko.
PUNTUAZIO IRIZPIDEAK:
Lehiaketan aurkezten diren mondejuen puntuaziorako, honako irizpideak hartuko dira kontuan: usaina, zaporea, ebaketa eta nahasketako osagaien txikitze-tamaina.
EPAIMAHAIA:
Jatetxeetako sukaldariak eta adituak diren herritarrek osatzen dute epaimahaia.