Mitologia, ipuin edo kontu fantastiko sorta ez ezik, errealitatea esplikatzen duten argibideen multzoa da. Bizimodua arautzeko balio ez duenean baizik ez da bilakatzen mitologia kontu edo ipuin fantastiko bilduma, baina, orduan ere, ematen duen informazioa aintzat hartzeko modukoa da. Izan ere, beste azalpenik ezean, gertakari naturalei aurre egiteko nahiz euren buruak lasaitzeko, mitoak herritarrei ingurunea ulertzen lagundu dien lanabesa izan dira mendeetan zehar.
Ataunen eta Euskal Herrian, Joxe Migel Barandiaranek lan handia egin zuen mitologiaren transmisio soka eten ez zedin. Zehazki, ahozko tradizioa paperean bilduz, altxor handia utzi zion herriari eta horri esker, esate baterako, Jentilen Etorrera edota Gau Ibilaldi Mitologikoa ospatuz, pertsonaia eta istorio mitologikoak ezagutarazten dira urtero herritarren zein bisitarien artean Jentilbaratza Kultur Elkartearen eskutik.
MITOALDIA Jentilbaratza Kultur Elkartearen, Barandiaran Museoaren eta Ataungo Udalaren arteko lankidetzari esker gauzatzen da. Ez da gaurkoa, urteak daramatzagu elkarlanean, beti ere euskal ondarearen berrerabiltzean, ingurumen sentikortzearen sustapenean eta Ataunen osoko garapenean ekarpentxoa egiten. Galtzeko arriskuan dagoen ONDARE EZ MATERIAL horri eutsi eta bultzatu nahiak sortu zuen MITOALDIA izeneko ziklo hau. Aurreko urteetako erantzuna ikusita, aurten berriro ere sendotuta eta handituta dakarkigu proiektua. Labur mintzatuz, Ataun Euskal Herriko mitologiaren erreferentzia izatea nahiko genuke.
Antolatu dugun VI. MITOALDIA, irailaren 9an abiatuko da eta urriaren 21ean amaituko da. Ekitaldi desberdinak eta zaleen interesari erantzungo dielakoan gaude.
Hona aurtengo egitarau zehatza:
-
- MITOLOGIA TAILERRAK.
Mitoaldian zehar, Museoan, mitologia tailerrak emango dira. - Irailak 9, larunbata, 8:30etan.
IRTEERA IRULEGIra, BISITA GIDATUA. (Aranzadi).
Txango berezia antolatu da Nafarroako Aranguren bailarara, Irulegiko herrixka baskoiaren aztarnak ezagutzera. Bertan agertu bai zen besteak beste IRULEGIKO ESKUA. Autobusez egingo da joan etorria (8:45ean irteera eta 14:30ean itzulera) eta han, bisita gidatua egingo dugu Aranzadiko adituen eskutik. - Irailak 15, ostirala, 19:00etan, Herri Antzokian.
HITZALDIA. ANJEL LERTXUNDI, “Ez dago Transilvaniara joan beharrik”.
Anjel Lertxundi euskal idazlerik oparoenetarikoa da. Filosofia eta Letra ikasketak egin zituen Donostian, Erroman eta Valentzian. Hitz-jokoen zalea, hiztegia iraultzeko eta aberasteko bultzatzaile nekaezina da. Euskarak duen idazle onenetakotzat jotzen da Lertxundi, eta ofizio handienekoen artekoa.
Produkzio handiko idazlea, literaturaren alor guztiak jorratu ditu, eleberri eta ipuinetatik hasi eta itzulpen eta saiakerara, haur eta gazte literatura ahaztu gabe. Zinemaren munduan ere murgildu eta bi film zuzendu ditu: 1985ean Hamaseigarrenean aidanez (izen bereko bere liburuan oinarritua) eta 1987an Kareletik. Horretaz gain, hainbat hedabidetan esku hartu du, tartean Berria egunkarian. Euskal Idazleen Elkartearen sorreran, 1982an, erakundearen presidente izendatu zuten, eta kargu hartan aritu zen 1985 arte. Euskaltzain urgazlea da, eta euskaltzain oso izendatzeko proposatu dute. 2010ean Espainiako Literatura Sari Nazionala irabazi zuen, saiakera arloan. - Irailak 30, larunbata, 17:30etan, Herri Antzokian
IRATI FILMA. PAUL URKIJOren aurkezpenarekin.
Euskal mitologian oinarritutako filma ospetsuaren proiekzioa. ‘Irati’ pelikularik ikusiena izan zen Euskadin bere lehen asteburuan, eta bigarren estreinaldirik onena estatu mailan, zazpigarren tokian sartuta. Euskaraz egindako pelikulen artean zineman mugarri bihurtu zen. Euskaraz orain arteko ikusiena da.
155.000 ikusle baino gehiagorekin.
Egun berean MITOLOGIKA ERAKUSKETA izango da ikusgai. Paul Urkijo eta Nerea Torrijoren bozetoekin eta Rakel Alzateren ilustrazioekin. Goizeko 10:00etatik-12-30etara eta 16:00etatik-20:00etara. - Urriak 7, larunbata, Barandiaran Museoan.
IPUIN KONTAKETA ANTZEZTUAK Mari Mundukoren eskutik. 16:30etan eta 18:00etan
“Euskal Herriko mito eta ipuin zaharrak” izenburupean, Marimunduko eta beste hainbat pertsonaiek ipuin kontaketa antzeztua eskainiko dute Barandiaran Museoan. Bi saio eskainiko dira, bata 16:30ean eta bestea 18:00etan. Aurrez izena eman behar da, plaza mugatuak dira eta. - Urriak 11, asteazkena, 19:30etan, Barandiaran Museoan.
- HITZALDIA, LUIS MARI ZALDUA ETXABE, “Euskal Herriko antzinaroko jainko eta jainkosak”.
Luis Mari Zaldua filologian doktore eta euskaltzain urgazleak, bere azken lanaren berri emango digu, bere ikuspegitik murgilduko gaituelarik euskal mitologiaren munduan. Euskal hizkuntzaren aurreneko lekukotasunen garaietan eta testuinguruan sakonduz emango du bere hitzaldia. - Urriak 21, larunbata, 19:15ean.
JENTILEN ETORRERA.
1981ean sortu zen eta Euskal Mitologian oinarritutako ikuskizun berezia da. Herri antzerkia zutabe eta garai bateko sinesmenak ardatz. Urtero hiru legenda edo istorio mitologiko antzezten dira. 50 herri aktorek hartzen dute parte eta 150 lagun inguru ibiliko dira, kale ibilaldiko pertsonaiak antzezten eta antolaketa lanetan.
Lehenengo saioa 19:15ean hasiko da eta bigarrena 22:00etan. Sarrerak eskuragarri webean jarriko dira.
Urtero legez gurekin izango dira jentilak, sorginak, Torto, Basajaun, Akerbeltz, Zezengorri, Samartin Txiki, Kixmi eta beste zenbait pertsonaia mitologiko.
- MITOLOGIA TAILERRAK.
>DENOK GONBIDATUTA ZAUDETE.
BIZI MITOLOGIA!
Leave A Comment