Lamiak2019-04-26T12:01:40+00:00

Lamiak

Euskal mitologian oso pertsonaia ezagunak dira. Ez dira gaiztoak izaten baina kontuz ibili behar da beraiekin. Beste izen batzuekin ere ezagutzen dira lamiak: laminak, laminakuak, amilamiak, elelamiak… Erreka-zuloetan egoten diren emakume itxurako izaki lirainak dira, gehienetan ile horiak eta harri haundietan eseri ohi dira. Batzuetan ahate, ahuntz edota zerri hankakizaten dituztela diote leiendek eta ilea urrezko orraziz atontzen dute, gizonezkoak liluratuta utziz. Hala ere lamietaz maitemintzen zena, ezinezko maitasun batean erortzen zen, haien izaera ez delako gizatiarra.

Zubiak egiten oso iaioak ziren, baita elizak eta gazteluak egiten ere. Obra horiek gau bakar batean egiteko gai omen ziren. Beraiek egindako zubiak ez ziren inoiz erortzen. Lamia oso ospe onekoa izaten da eta laguntzen zietenekin oso esker onekoa. Askotan lamiak baserritarrei laguntzen zieten. Baserriko lanak egiten zituzten eta lan hauen ordainetan, baserritarrek barazkiak eta fruituak ematen zizkieten.

Euskal mitologian bakarrik ez, Grezia eta Erromako mitologian ere agertzen dira lamiak.


“Txurie gora, txurie gora!

Uste baino azkarrago

dijo denbora!”

Laminak errekako putzu-osinean. Eguzkitan ile-adats luzeak, urrezko orraziz orrazten. Lamiñosin izeneko lekuan elkartu izan dira. Hitz gutxikoak dira, emakumezkoak beti, eta abere-oinak dituzte, ahatearenak sarritan baina baita beste batzuenak ere.

Badakite inguruko baserritarrei laguntzen. Harremana okertzen bada ordea, madarikazio gogorrak zuzenduko dituzte.

“Andra Geazi, ekatzi nee orrazi!

Bestela galdukoittut, zure ondoko

azkazi!”

Ez dute, sorginen dohainik, “Sasi guztiñ gañetio ta odei guztiñ azpitio” hegan egiteko baina askotan, antzeko gau-bilkurak egin ohi dituzte laminek. Leiendek diotenez, sorginak bataiatuak edo gaizki bataiatuak dira. Laminak berriz, bataiatu gabeak.” Mitoak Bizirik 2019 egutegia.