basajaun euskal mitologia

Basajaun

Izenak berak erakusten digu nor den Basajaun: basoko jauna. Basoko leku izkutuenean du bere bizilekua. Indartsua eta garaia da. Ilea berriz, belaunetaraino iristen zaio. Artaldea zaintzen du eta horrekin batera, oihu edo ziztu eginaz, adierazten dio artzainari ekaitza edo arriskuren bat hurbiltzen ari dela. Artzainak badaki bere artaldea Basajaunen begiradapean baldin badago, otsorik ez dela hurbilduko.

Tartalo edo Torto begibakarrarekin batera, euskal mitologiako Jentil-munduan ageri da Basajaun, basoko erraldoi modura.

Batzuetan jeinu gaizto bezela ere agertu izan da, bizkorra eta izugarrizko indarra duena. Beste batzuetan berriz lehen errementari edo lehen errotari gisa. Gizakiei , beste sekretru gehiagoren artean, gariaren, artoaren , zerraren edota errotaren ardatzaren sekretuak erakutsi zizkiela diote leiendek.

Kontu zahar batzuetan Basajaunen ondoan ageri da Basandere. Gehienetan koba baten sarrera ageri da eta inoiz, bere ilea urrezko orraziz orrazten.


“Bera gure enbor

eta gu bere hosto.”

Lurretik sortu zen eta lur bihurtzen ari da Basajaun, basoan arnasa hartuz, basoa zainduz eta ezagutuz. Begiratzen eta entzuten ikasi du urtez-urte, arbolaz-arbola, adarrez-adar, itzal eta eguzki artean, lehor aldietan eta euri-jasa handietan…

 

Egunero ikasten du zerbait berria. Ukitu duen pago-azalak, usaindu duen garoak, begiak bete dizkion goroldioak, belarria adi jarri dion kukuak, denek erakutsi diote Basajaun izaten.

Ikasi du, ibilian dabilenak behar duela atsedena ere. Ez da gaur goizean jaioa, esaten baitute lehenbiziko elurra egin zuenean han zela Basajaun.

 

Orain, bizkarrak eta belaunak okertzen ari zaizkio eta Basajaun gazteagoak nahiko lituzke bere ondoan, orainak segida izan dezan geroan…” Mitoak bizirik 2019 egutegia.