Euskal mitologia, pertsonaiak, kondairak… Ataungo ibilbide eder batekin bat egiten duen ekimena da.

Garai bateko ipuin eta leienda harrigarrien munduan sartuko gara Ataunen bihotzean eta Joxemiel Barandiaran bizi izan zen inguruan.

Euskal mitologiako pertsonaia ezagunak izango ditugu lagun bidean zehar. Horretarako, garai bateko herri-bidean, oinez egingo dugu Barandiaran Museotik abiatu eta San Martingo plazara, 3 kilometroko ibilaldi harrigarri eta sorpresaz betea.

Pertsona helduek, gazteek eta haurrek lasai asko egin dezakete ibilaldia.

Ataunen gorde eta galdu ez diren kontu-zahar eta leiendak, naturaren erdi-erdian txertatzen  ditugu, urtero bospasei pasarte antzeztuz eta errepresentatuz.

Zer ikusiko dugu?

Benetako historia eta ipuin miresgarriak ikusi eta entzungo ditugu bertatik-bertara.

Bidean zehar, Barandiaran Museoa, Errotatxo zerrategia eta errota zaharra, Sara etxea ( Barandiaranen bizilekua ), Perune-zaharra baserria ( Barandiaranen sortetxea ) ikusiko ditugu eta Jentilek egin omen zuten San Martin Elizaren aurrean amaituko dugu ibilaldia.

Euskal mitologiako pertsonaiak agertuko zaizkigu bidean zehar: Lamiak errekan ilea orrazten, Jentil erraldoiak menditik behera, Torto begi bakarra, Basajaun eta Samartin Txiki, Marimunduko eta bere sorgin guztiak, Mateo Txistu apaiz-ehiztaria, Akerbeltz, Otsoko, …  eta ustekabean agertuko diren beste izaki harrigarriak.

 

Inguru berezia.

Oso leku berezian ibiliko gara. Denbora “gelditu bezala” egingo zaigu.

Ataungo San Gregorio auzotik abiatuko gara eta Agauntza errekaren soinua entzunez, ondo-ondoan dagoen herribide-zaharrean egingo dugu ibilaldia.
Leku berezi honetan jaio eta bizi izan zen euskal kulturaren “ arima “ jaso zuen Joxemiel Barandiaran eta inguru horretan gertatu ziren, Barandiaranek entzun eta jaso zituen ipuin eta leienda  asko eta asko.

Egunez eta gauez:

Berezia da hori ere.

Ibilaldia egun-argitan hasiko dugu baina ibilaldi erdi-aldera erabat ilunduko du eta gauez egingo dugu azken zatia. Horrek handitu egingo du misterioz eta beldurrez betetako mundu ezezagunaren indarra.

Noiz eta nola:

Uztailaren bigarren astean egiten da. Iluntzeko 20:00ak aldera hasten da Barandiaran Museoan.

Bi talde osatzen dira eta gaueko 23:30ak aldera bukatzen da.

180 ataundar baino gehiagok hartzen dute parte, ibilaldian zehar izango diren antzerkitxo, ustekabeko gertaera eta antolakuntza lanetan.