Mitologia, ipuin edo kontu fantastiko sorta ez ezik, errealitatea esplikatzen duten argibideen multzoa da. Bizimodua arautzeko balio ez duenean baizik ez da bilakatzen mitologia kontu edo ipuin fantastiko bilduma, baina, orduan ere, ematen duen informazioa aintzat hartzeko modukoa da. Izan ere, beste azalpenik ezean, gertakari naturalei aurre egiteko nahiz euren buruak lasaitzeko, mitoak herritarrei ingurunea ulertzen lagundu dien lanabesa izan dira mendeetan zehar.

Ataunen Joxe Migel Barandiaranek lan handia egin zuen euskal mitologiaren transmisio soka eten ez zedin. Zehazkiro, ahozko tradizioa paperean bilduz altxorra utzi zion herriari eta horri esker, esate baterako, Jentilen Etorrera edota Gau Ibilaldi Mitologikoa ospatuz, Ataungo hainbat txoko eta istorio mitologiko ezagutarazten dira urtero herritarren zein bisitarien artean Jentilbaratza Kultur Elkartearen eskutik.

Aipatu jarduerak antolatzen dituen Jentilbaratza Kultur Elkartearen eta Barandiaran Museoaren arteko lankidetza ez da gaurkoa; urteak daramatzagu elkarlanean, beti ere euskal ondarearen berrabiltzean, ingurumen sentikortzearen sustapenean eta Ataungo garapenean ekarpentxoa egiteko itxaropenarekin. Lankidetza giro horri eusteko eta aipatu helburuak aitzineratzen jarraitzeko MITOALDIA izeneko ekimen sendoa jarri genuen abian Jentilbaratza Kultur Elkarteak eta Barandiaran Museoak.

MITOALDIAK Ataun Euskal mitologiaren erreferentzi nagusia izatea nahi dugu. Uztailaren lehen hamabostaldian besteak beste, taldeentzat jarduera bereziak, ipuin kontaketa antzeztuak, filmak, hitzaldiak eta ekitaldi desberdinak antolatzen dira. Eta bukatzeko Gau ibilaldi mitologikoa ikuskizuna. Ibilaldi honetan garai bateko ipuin eta legenda harrigarrien munduan sartuko gara Ataungo bihotzean eta Joxemiel Barandiaran bizi izan zen inguruan. Euskal mitologiako pertsonaia ezagunak izango ditugu bide-lagun. Horretarako, garai bateko herri bidean zehar, oinez egingo dugu Barandiaran Museotik abiatu eta San Martingo plazara. Bertan bost sei istorio desberdin antzezten dira. Ibilaldi harrigarria eta sorpresaz beterikoa izango da.

Euskal Mitologia ardatz, esparru hau lantzen dituen adituak nahiz elkarteak gonbidatzen dira bertan parte hartzera. Toti Martinez de Lezea idazlea, Juan Inazio Hartsuaga antropologoa, Paul Urkijo zine zuzendaria (Errementari), … hartu dute parte. Iritziak trukatu, leku bakoitzean zer mito eta zer ezaugarri dituzten azaldu, ohitura edo kontu zaharrak ezagutarazteko, eta abar.

Aurreko urteetako arrakasta ikusita, ahal den neurrian, urteroko maiztasuna emango zaio ekitaldi honi.